XÜXENEAN ENTZÜN

Laborantxa - Üngüramena

Muskildiko Azkorria koperatifak Gazna feida antolatzen dü ürrietaren 30an neskenegünean, goizanko 10etarik arrestiriko 6etara. Urte hatsarrean eta larrazkenean Azkorriak bere erosleak eskertü nahi dütü gazna güziak prezio aphalean saltzez. Azkorria gaznakagia 2006an Xiberoko 17 ezne ekoizleek sortürik kooperatifa da eta 5 langile enplegatzen dütü. Aurten 380 000 pinta ezne gaznatü dütüe, igaran urtean beno %10 haboro. Bestalde urtarrilan, koperatifak 5 urte beteko dütü. Ekonomian ez bada betikoz sekülan deüs irabazirik, Azkorria koperatifaren xedea bide honean dela baieztatü deikü koperatifaren lehendakaria den Jean Claude Barreixek. Feida egünean, Azkorriako laborariek gaznakagia bijitaraziko düe eta lekü bat etxekiko düe edateko eta gaznen txestatzeko.

Entzün Jean-Claude Barreix Azkorria koperatifako lehendakaria :

Arüen, 10 hektara lürren erosteko 40 000 eurotan kanpaña berri bat abiatzen dü Eüskal Herriko GFAMak. Mathieu Mendizabal Azkaindar gazteak GFAMi lür eremü hori  alokaidatüko dü gariaren ereiteko. Ber denboran, laborari izatea eta ogi egitea xedea dü. Berak ekoiztütako gariarekin eginen düan irinarekin, ogi biologikoa eginen dü. GFAMak 650 parte 63 eurotan proposatzen dütü erostea hebentik aitzina. Kanpaina hontan GFAM lürrak Mathieu Mendizabal oso süstengatzen dü, laborari mündükoa ez den gazte bat beita, eta bereziki “laborari-okin” ofizioa berritzapena beita. Kanpaña berri hontan, herritar güziak parte hartzera deitzen dütü xede hori bürütürik izateko gisan.

Entzün Marie-Claire Leurgorry GFAM Lurra alkarteko kidea :

Energia berriztagarrien, eko-eraikintzaren eta bizigia sanoaren Xiberoko 5. erakusgia igaranen da dagün azaroaren 5 eta 6an Maulen. Aurten, ohartüren zideen bezala, izenez kanbiatü da eta erakusgiatik baratzegintzala beste manera batetara plantatürik date, denboraz llabürragoa eta Maule-Lextarre erdiala hüllantarazirik. Tresneria edo teknika erakusle gütiago ere badirate, bena, ordariez, animazione eta hitzaldi-eztabadaka haboro ! Aurtenkoak baratzegintza düke aipagei nausi, bena energia berriztagarriek eta etxearen antoladürak ere lekürik badükee. Aurten  beste berritzapenik ere badate, hala nola argindarrarekilan ariarazten diren ebilgailüak. Ikusteko eta ikasteko badate  Mauleko Kürütxe Xurieko plazan, Energia berriztagarrien, eko-eraikintzaren eta bizigia sanoaren Xiberoko 5. erakusgian. Eta gogoan etxek ezazüe sartzea dohainik izanen dela.

Entzün Jean-Pelle Iriart, Xiberoa Herri Alkargoako Garapen Iraünkorreko batzordebürüa :

2011an, axuri haboro saltzea Frantses merkatüan eta ardi ilea ere hobeki baloratzea helbürüa dü CAOSO koperatifak, huna zer jakinarazirik izan den ostiralean egin den biltzar nausian. 2009-2010 sasuan, koperatifako 481 hazleek, kasik 80 000 axuri ekarri dütüe koperatifala, prezioa 3.33 eurokoa güti gora behera izan delarik. Lehen urtekoz, biologikoan diren 8 hazleen 520 bat axuri saldü dü, bereziki jatetxe ospetsüetan. Label gorrian diren axurien kalitatea hobetü bada igaran sasuan, axuri biologikoarena orano hobe da, ekoizpen hori baliatü düen sükaltarien araberan. Azkenean 70 tona ardi ile saldü dütü CAOSOak izolazionearentako. Dagün urtean 200 tonaren saltzea esperantxa dü Nature Laine enpresaren bidez. CAOSOk karreiü zerbütxü bat proposatüko dü hebentik aitzina eta lasto, belhar eta besteen salmenta ere hasiko dü.

Entzün Jean-Marie Etchegorry CAOSO koperatifako teknikalaria :


Entzün Christian Sallies CAOSO koperatifako salmentaren ardüradüna :

Iragan astean, "Departamentüko Hurzainak" edo «Office National de l' Eau et des Milieux Aquatiques»ko kideek, Mendikotako Ühaitz bazterrean, arrainak ikertü dütüe. Arrainak biribilkatü ondoan, sare bati esker bildü dütüe kontatzeko, pezatzeko, neurtzeko eta mota ezbardinen biltzeko. Ikertze lana egin eta, arrainak ühaitzean arrezarri dütüe, arrantzükatzeko izateko gisan. Urte oroz, departamentüko erreka ezbardinen üngürüa egiten düe, beti ber leküan konparaketen egiteko.
Aurten, Gael Denis, Pariseko "Historio Natüraleko Müseoko" ikerlaria hor günüan, Ühaitzatik Aturri ibaira artino arrain süerte zonbait hor baizik ez beitira atzamaiten : Txipa eta Talamazoka. Alain Borda hurzainak erran deikünaren araberan, departamentüan Ühaitza da erreka xahüena.

Entzün Alain Borda hurzaina :


Entzün Gaël Denis "Historio Natüraleko Müseoko" ikerlaria :