- Laborantxa / Üngüramena
- Agerraldiak: 3273
Erakusgiatik baratzegintzala
Energia berriztagarrien, eko-eraikintzaren eta bizigia sanoaren Xiberoko 5. erakusgia igaranen da dagün azaroaren 5 eta 6an Maulen. Aurten, ohartüren zideen bezala, izenez kanbiatü da eta erakusgiatik baratzegintzala beste manera batetara plantatürik date, denboraz llabürragoa eta Maule-Lextarre erdiala hüllantarazirik. Tresneria edo teknika erakusle gütiago ere badirate, bena, ordariez, animazione eta hitzaldi-eztabadaka haboro ! Aurtenkoak baratzegintza düke aipagei nausi, bena energia berriztagarriek eta etxearen antoladürak ere lekürik badükee. Aurten beste berritzapenik ere badate, hala nola argindarrarekilan ariarazten diren ebilgailüak. Ikusteko eta ikasteko badate Mauleko Kürütxe Xurieko plazan, Energia berriztagarrien, eko-eraikintzaren eta bizigia sanoaren Xiberoko 5. erakusgian. Eta gogoan etxek ezazüe sartzea dohainik izanen dela.
Entzün Jean-Pelle Iriart, Xiberoa Herri Alkargoako Garapen Iraünkorreko batzordebürüa :



Iragan astean, "Departamentüko Hurzainak" edo «Office National de l' Eau et des Milieux Aquatiques»ko kideek, Mendikotako Ühaitz bazterrean, arrainak ikertü dütüe. Arrainak biribilkatü ondoan, sare bati esker bildü dütüe kontatzeko, pezatzeko, neurtzeko eta mota ezbardinen biltzeko. Ikertze lana egin eta, arrainak ühaitzean arrezarri dütüe, arrantzükatzeko izateko gisan. Urte oroz, departamentüko erreka ezbardinen üngürüa egiten düe, beti ber leküan konparaketen egiteko.
Geroa egün prestatzen beita, Xiberoko Bortüaren geroaren gogozkatzeko, Xiberoko Botingoak Paueko Laborantsa Kanberako partaidegoarekin diagnostiko bat egin dü. Diagnostikoan, hiru sail nausi agertzen dira, belharraren erabilpena, ardi jeistea, eta olen antolatze juridikoa. Belharra ber heinean baliatürik izan bada bortüan azken 20 urteetan, olen erabilpen kolektiboa franko kanbiatü da eta ardi jeistea ere azkarki ttipitü da. Azken püntü hortan agertzen da gaüzak kanbiatzen ari direla, gazteek bortüko ardi jeisteari lotzeko nahiküntea erakusten beitüe berriz. Olen antolakuntza juridikoari dagokionez, leheneko arrauak egokitü behar dira, bereziki olen parteliantak ez beitira haboro egünko baliazaleak eta egin züen ahozko tratüek ez beitüe balio jüridikorik. Azkenean, agertzen da ere olek balio ekonomikoa begiratü düela. Bortüaren erabilzaleekin hasirik izan diren bilkürak jarraikiko dira azaroa hatsarreala eta hortik harat proposamenen araberan xedeak eraikiko dira.


Egoera düdakorra izanik ere, garapen perspektibak badirela iragarririk izan da igaran ostiralean Maulen egin den Axuria kooperatifaren biltzar nausian. Baikortarzün hunen froga da, hilabete hatsarrean hartürik izan den arakin berria. 14etara heltzen da orai kooperatifaren langilegoa. Axuriaren merkatüari dagokionez, Españako krisi ekonomikoaren gatik arrenküratürik agertzen da jadanik kooperatifa, nahiz eta igaran urtean ber perspektibekin merkatüa hein batetan hon izan zen. Pusketan saltzen den axuriaren merkatüan bere esperantxak ezarten dütü, etekin haboroenik emaiten dütüan merkatü horren garapenean sinesten beitü.