Berriak

Herrietako berriak
2010an Xahakoa pastorala Barkoxen
Crédit Agricoleren eskerrak Xiberotar zonbaiter
XIBEROKO BOTZAK WEBGÜNE BERRIA DÜ
Kanbiamenak badirate Xiberoko Botzan
Sü ehaileek süa berriz abiaraziko düe dantza pistan
Ausaz
Kronika
Ipuinak 2012-2013
Emankizüna
Eüskal Herria kantuz egünaren kantoreak
Artxiboan



Urte eskasa hegaztien migrazionean Organbidexkako lepoan. Hegaztien babeseko ligaren barnean da, LPO Aquitania. Egitüra horrek Akitaniako güne desberdinetan txori kontaketak egiten dütü. Helbürüak direlarik hegaztien aitzinamentüen aztertzea, migrazionearen garaien aztertzea beroketa klimatikoari lotürik eta gizarte zabalari argitarzün güzien emaitea. Aurten audela Xiberoko Botingoak egoitza bat ützi deie. Ondorioz baliatü dira erakusketa güne baten plantan ezarteko.
Millioi bat eta sei ehün mila ürzo kontatürik izan dira aurten Ürrüña eta Biarnoaren artean. Ihiztarien federazioneak erran deikünaz, entrebaleko urteetan sailkatzen ahal dela aurtenkoa. 2012ari konparatüz millioi bat ürzo gütiago kondatürik izan dira bena 2011an beno ehün mila haboro. Ürzo gehienak Eüskal kostaldean iragan baldin badira, azken urte horietan ez bezala, Ossau ibarra artino ere pasajea izan da aspaldiko partez. Bena kontalarien memorian egonen da ürrietaren 31a, egün bakar batez millioi bat eta ehün mila ürzo kondatürik izan beita.
Algar Etxeki, Xiberoan laborantzako ordezkatze zerbütxüa antolatzen düan alkartearen urte biltzarra egin da iragan astean Lakarrin. Alkarteak, berehün ta berogei ta lau kide zütüan, eta aurten beste hamabost jüntatü dira. Ixtripüen gatik lau ordezkak eta beste bederatzü eritarzünen gatik, orotara bi mila bederatzü ehün ta berogei ta hamabost oren ordezka kudeatü dütü. Azken urtetan zailtarzünak dütüe leküko ordezkarien atzamaiteko eta ondorioz bide gastüak emendatü dira. Algar Etxeki alkarteak aholkatzen dü laborarier, ordezkarien txerkatzea beren üngürünean fres horien ttipitzeko gisan. Erretretan direnak edo etxeko gazteak ere ordezka sisteman sartzen ahal dira.
Baigorri eta Hazparnetik landa, Gameren Xiberoan dateke ELB laborari sindikataren gazte adarrak antolatzen düan Kafe Instalazio delakoa. Laborantxa mündüari interesatzen bazide edo instalatzeko xedea baldin badüzüe edo düala güti instalatü baldin bazide, behar diren informazioen biltzeko parada eskeinirik zaizüe. Goxoki eztabadakatzeko, galderren pausatzeko, bakoitzaren pentsamoldea edo esperientzia adierazteko leküa izanen da denentzat, azaroaren 6an ostegünarekin gaüko 20.30etan Gamereko Aguer ostatüan, ELB Gazte antolatürik AFI alkartearen lagüntzarekin.
Ardi eznadünen sailako partaideak bildürik ziren iragan ürrietaren 31an Xiberoan, Irabarneko gaztelüan. Ezne eta gazna ekoizpena ehüneko 4ez emendatü bada, ekoizteko fresen emendatzeak bilana baldintzatü düala erranik izan da. Ezne ekoizleen errebenioak, etxalteka, bataz beste 4000 euroz ttipitü dira. Hala izanik ere, ardi eznadünen sailako ardüradünek konfidantza etxekitzen düe eta esperantxa düe azaro erdian, Ossau Irati sormakaren promozionearen egiteko, telebixtan abiatüko den kanpañak frütüak emanen dütüala. 

