XÜXENEAN ENTZÜN

Kultura

Badü jadanik 5 urte Amaren Alabak taldeak bere lehen diska plazaratü düala ! Aldi hontan, beren bigerren diska grabatüko düe arramaiatzaren 22an Maule-Gaineko elizan püblikoaren aitzinean. 16 kantore grabatüko dira bertan, berrikuntza zonbaitekin bena gehien bat kantore tradizionalak emanen dütü Xiberotar taldeak. Gaüaldia kitorik izanen da eta beraz, nahiant oro joaiten ahal da bere esküzarten grabatzera ! Gaüko 8 orenetan ttanko hasiko da eta ondotik izanen da zer jan, zer edan eta prefosta, taldeko kideekin egoiteko parada ere bai ! Ez hüts egin !

Entzün Graxi Bedaxagar Amaren Alabak taldeko kantaria : 

Sü Azia, Xiberoko Ondarreaz axolatzen den alkartea, bere urteko lanak presentatü dütü Maulen arramaiatzean. Maddi Oihenartek eramaiten düan herrokatze eta soinüki bildümaren baliaztapena aipatü düe alkartekoek. Bestalde, Baionako I.U.T ko ikasle zonbaitek, Sü Aziako webgünea arraberritü düe bena jakinarazirik izan da, lan hau ez dela orano etxit ürrentürik. 2011an “Aita artzain zen” libürüa dü Sü Aziak plazarazi. 2012ko “Printze ttippia” xiberotarrealat ützültzea, “Xiberoko egünarieko” textu zonbait agertzea eta Xiberoko herrien kartielen izenak plazaratzea, hona Sü Azian dütüen lan xedeak. Azkenik, adineko herritar zonbaiten mintzaraztea eta grabatzea deliberatürik izan da biltzar nausian, memoria eta jakilegoa bizirik etxekitzeko.

Entzün Allande Socarros Sü Aziako kidea : 

Donostiako Antzoki Zaharreala hüilantü den jentea, ez da egiazki dolütü, 2012ko Euskal Kantu Txapelketako finalan. Hamar kantari bederazkan, 9 biazkan, 8 talde, A Capela edo müsikaz lagüntürik, hoberena eman düe hor agertü diren kantariak eta maila zinez hon erakutsi düe. Gaüza arrunt ezberdinak entzün dira, erritmatürik, goxoak, alagerak, ümoretsüak, barnakorrak. Hona zoin izan den sailkapena, lehen saristatüetan bederazkan, Baigorriko Maitena Monacok dü txapela jauntzi, biazkan Bizkaiko Olatz Goikoetxea & Ezti Olivaresek. Taldeetan Iparraldeala jin da berriz ere lehen saria, Senpereko Hiru Soinü taldeak beitü esküratü. Sorkuntzaren saria joan da Gipuzkoako Jon Anza kantariari, berak ere bederazkan bigerren sari esküratzen züalarik. Azpimarratzeko, sari berezia üken düela, Xiberoko Claudine Arhantcet eta Elsa Oliarj bikoteak. Azkenik, omenaldi hunkigarri bat eskentü deio Eñaut Etxamendik, Eñaut Larralde bere kantari lagünari eta adixkide zenari.

Xiberoko Gaü eskolak urte oroz arramaiatzean antolatzen düan Tipiñakoa Garindainen iragan da. Zortzi talde bildü dira axurkia ahal bezain ontsa adelatzeko eta azkenean Lutxo Herrerak eraman dü lehen saria, lau epaileek hala erabakirik. Errezeta exotiko bat egin züan eta manerala hoberena zen. Jente güziek egünaldi zinez goxoa igaran düe, bazkariaren ondotik, antzerki eta animazione ezberdinak beitziren eta aroa ere haütü !

Entzün Lutxo Herrera Tipiñako erabazlea :


Entzün Claude Etcheverry lehiakako epailea :

Entzün Hubert Catalogne Xiberoko Gaü eskolakoa :

26 kantore emanik izanen dira arramaiatzaren 16an Donostiako antzoki zaharrean, Eüskal Herriko kantu txapelketaren finalen kari. Horien artean, Barkoxeko erdi-finalan haütatürik izan diren Zibero Sport, Anne Bidalun, Maite Sarraillet ta Graxiana Castillon, Claudine Arhancet eta Elsa Oliarjek Xiberoa ordezkatüko düe. Arrestiriko 6etan hasiko da jeia, arte bat hartürik izanen da Eñaut Larralderi omenaldi baten eskentzeko. 500 lekü izatez aholkatürik da leküen aitzinetik hartzea internetez helbide hontan www.kutxasarrerak.net eta txerka datan ekainaren 16a. Telefona zenbaki hontara ere deitzen ahal da (00 34) 943 001 200. Bestalde, xiberotarren süstengatzeko otobüs bat antolatürik da Mauletik, interesatürik zideen güziak harremanetan sar 06.84.39.13.64 telefona zenbakiala deitüz.

Entzün Juan Luis Aramburu Euskal Kantu Txapelketako antolazale bat :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan