XÜXENEAN ENTZÜN

Politika

Xiberoko Botingoak Iratin düan xedearen aintzinkontüak bozkatü dütü iragan neskenegün goizan egin düan urteko azken jüntan. Orotara obrek 2 milliu eta 700 mila euro gütienetik kosteko düe. Etxolen arraberritzea 3 partetan eginen da eta ehüneko 30 heineko sos lagüntzak ardietsi dütü lan horientako. Aldiz eraikiko den zentro berriarentako sos lagüntzak handiagoak dira, energia güti egartzeko arauak errespetatüko beidütüalako. Bana beste ehüneko 60 heineko sos lagüntzak ükanen dütü Xiberoko botingoak. Zentro berriaren obrak dagün martxoan hasi behar lükee. Bestalde ürrentzeko, Ligi eta Larraineren artean den Ascaray oihanean, Xiberoko Botingoak 50 hektaretan zühainak lantatüko dütüala 2011an jakinarazi dü.

Entzün Jean Pierre Mirande Xiberoko botingoako lehendakaria :

Atarratzeko kantonamentüan 4 gerren haütagei bat ! Iragan ostiralean, Jean-Pelle Iriarte Aloze-Ziboze-Omizeko aüzapeza eta Xiberoa Herri Alkargoako lehendakari ordeak bere bürüa ofizialki presentatü dü. Egün zonbait lehenago, Mixel Arhantcet Kontselari orokorrak jakinarazi züan ez zela martxoko kantonamentüko bozketan presentatüko, eta bere leküan Jean-Pelle Iriart ontsa ikusten züala. Presentatzen bazen, bere sustengü osoa ekarriko zeiola gehitü züan, erran nahi beita Force 64 taldeko sustengüa. Jean-Pelle Iriart hatsarre batetan etiketarik gabe abiatzen bada ere, argi erran dü haütatürik bada, Jean-Jacques Lasserreri bere botza emanen deiola Kontseilü Orokorreko lehendakarigoarentako. Bestalde, kantonamentüa bizirik etxikitzeko nahia dü eta Jean-Pellek deion bezala, lan izanen dela izan dadin zerbütxü publikoa begiratzeko, ekonomia süstatzeko eta osagarri saila zaintzeko.

Entzün Jean-Pelle Iriart Atarratze kantonamentüko haütageia :

Arnaud Villeneuven eta Pierre Etxecoparen kandidatüren ondotik, Michel Castan Atarraztarrak presentatzen dela jakinarazi dü iragan astean. Dagün martxoan Xiberoko Botingoaren züzendari kargüa ütziko dü eta erretretak emanen zaion denbora basabürütaren zerbütxüko eskentü nahi deie. Bortü, turisma, kültüra, edo animazione maila düan experientzia baliatü nahi dü kantonamentüari hats berri baten emaiteko. Ekonomia sailan jadanik egiten dena süstengatü behar dela dio Milou Castanek eta jenteen etxekitzeko lürraldean proposamenak eginen dütüala geihitü deikü. Jentartea zahartzen ari beita lan handia egin beharko dela sozial sailan eta gazteen jinarazteko kantonamentüan ere uste dü. Etiketarik gabe aurkezten bada ere, Milou Castenek ez dü gordatzen oraiko Kontseilü Orokorreko esküineko gehiengoatik hüillan senditzen dela, haatik izan dadin Force 64 edo UPM alderdien süstengüa üken gabe. Düala 19 urte jadanik bere bürüa presentatü züan bena bigerren ützülüan erretiratü zen Mixel Arantzeteri süstengüa emaiteko.

Entzün Milou Castan haütageia :

Mixel Arhantcet, orai arteko Atarratzeko kantonamentüko kontseilü orokorrak ez dela berriz presentatüko dagün martxoko bozketan jakinarazi dü aste hontan. Düala 19 urte, independente gisa agertü zen eta haütatürik izan zen. « Modem » eta geroztik « Force 64 » taldean sartü zen. Lehendakari ordea izentatürik izan zen ere, lürralde antolakuntza eta laborantsaren ardüra ükeitez. Orai bozkazaleek hitza ükenen düe beren ordariaren haütatzeko. Eta Mixel Arhantcetek erran deikün bezala, Jean-Pelle Iriart, Alozeko aüzapezaren kandidatüra süstengatzen düala. Mus partida hasi da beraz, jadanik mahain üngürüan jarririk diren Arnaud Villeneuve Atarratzeko aüzapez sozialista, Pierre Etxecopar Front de Gauche koalizioaren ordezkaria eta Michel Castan Atarratzeko zinegotsi esküintiarraren artean.

Entzün Mixel Arhantcet Kontseilü Orokorretik erretiratzen dena :

Milaka jente bildü dira abentüaren 4ean Baionan. Alderdi politiko, sindikata eta eragile ezberdinek deitürik, ororek Aurore Martinen kontreko euroaginteari ez erran düe aho batez. Mobilisazio eta süstengü azkarra erakutsirik izan da Xiberotar gazteari. Orit gira Paueko Auzitegi administratiboak Espaiñak Aurore Martin Mauletarraren kontre egin euroaginte galtoari bai erran züela azaroa hontan. Geroztik jakin zen Aurore Martin eta bere abokatüak Kasazioan dei egin düela. Aurore Martin Kasazioko auziaren zain egoiten da orai.
Entzün Aurore Martin Euroagindua kondenaz solastatzen :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan