- Laborantxa / Üngüramena
- Agerraldiak: 2833
Pettarrean arrainak zaintzen
Hür goxoetan lanean ari dira Basabürütaren gisan Pettarreko arrantzükariak. Arrantzüka sasoinaren abioaren bezperan, beren biltzar nausian, 2011ako aktibitateen bildüma egin düe horiek ere. Karten salmentaren aldetik ez da kanbiorik izan, nahiz eta gazteen nonbrea emeki emeki apaltzen ari den. Interesatürik direnentzat ikastaldiak dohainik proposatüko dütüe, hilabeteko lehen igante goizarekin 9.30etan Mauleko San Frantses kolegioko zübüan. Sasoin hontan, arrainen etxekitzeko haunditarzünaren heinaren goratzea deliberatürik izan da. Lehen 20 zentimetroetarik harat etxekitzen ahal baziren arrainak, orai müga 25 zentimetroetan finkatürik izan da. Bestalde, aingeraren arrantza berriz baimetürik izan da, bena neurri xorrotxekin. Martxoaren 10ean zabaltüko da arrantzükaren sasoina.
Entzün Pierre Etxekopar Pettarrako arrantzükarien lehendakaria :



Aiñharben, builtreek ardi saldo bati eraso egin düe eta 6 ardi eho dütüe. Nicolas Pomès artzainak, ardiak jeitsi eta, xoroala elki zütüan eta ikusi züan zer nahi builtre, xoroan pausatzen. Berantxago, bere osabak erran zeion builtreak ardietan ari zirela. Joan delarik, hiru ardi baziren kasik osoki janik, beste bat zerrailüaren kontre zena, lepotik hasirik eta beste bi orano hilik, mosko ükaldiekin lepoan. Laborariak, marexala eta ihizi-zainak jinarazi dütü kalteen ikusteko. Denak harritürik egon dira, kabale bizier hola jokatzeaz. Geroztik, egün zonbaiten bürüko, aüzoaren ardi saldoa eraso dü txakür batek, kalterik egin gabe. Orai düdak badira, builtreen erasoa beno lehen ez zenez txakür baten erasorik. Mementoko inkesta "Ihiztekako Erakundearen" eskü da.
Erlezainak saldoan algar jüntatü dira Atharratzen «L’abeille des gaves des nives» alkartearen biltzar nausian. Eüskal-Herritik, Biarnotik eta Landesetarik jinik ziren erlezain franko informazioen biltzera. Erlezaingoan agertzen diren arrenkürak aipatürik izan dira, hala nola, CRUISER pozu edo barbalot ehailea, O.G.Mak eta Aziako lozerra. Hots, hiru arrenküra handiak, erle mündüa eta üngüramenarentako. Barantailaren 18ean, INRAko ikerlari bat hor zen, aziako lozerraren aipatzeko eta eginik diren ikerketen berri emaiteko. Azken urte horietan, erleen hiltzea emendatü da, %5 koa balinbazen negüaren elkitzean, orai %30 koa da hiltzea. Azkenik, bedatsia aski bertan jinen beita, aziako lozerraren atzamaiteko zepoen ezartea aholkatürik da, bereziki kobain ondoan edo zoin lekütan.
Jean Pitrau Atarraztar zena date Ostail Ostegüneko hirugerren mintzaldia. Aguxtin Errotabeherek idatzi düan « Joan, makurtu edo ihardoki » libürüatik abiatürik, 60eko hamarkadan Jean Pitreau-k eraman düan güdüka, mendiko laborarien defentsan aipatüko da. Bere bidelagünen lekükotarzünak eta agian züenekin, Jean Pitrauren ekarpena zoin izan den ikusten ahalko da barantailaren 16an arratseko 20.30etan Donapaleüko Hitzargi posta gibeleko gelan, elizaren saihetsean.