XÜXENEAN ENTZÜN

Laborantxa - Üngüramena

Eüskal Herriko GFAM-Lürrak, Mathieu Mendizabal laborari-okinaren süstengüz, iragan ürrieta ondarrean abiatü den kanpaiñaren kari, gaüaldi bat antolatzen dü ostirale gaüan Mauleko Zinka ostatüan. Arüen den 10 hektara lürren erosteko 40 000 eurotan, GFAMak, 650 parte 63 eurotan salgei ezarri dütü. Mathieu Mendizabalek, lür eremü hori alokaidatüko dü GFAM-Lürrari gariaren ereiteko bena erran behar da SAFERaren baimenarekin lürraren lantzen hasirik dela Lohitzüneko CUMAren lagüntzarekin. Ber denboran, laborari eta okin izatea da bere xedea, eta berak ekoiztütako gariaren irinarekin, ogi biologikoa egiten hasi da. GFAMak antolatürik gaüaldia 20etan hasiko da ostiralean, züntzür bustitzea eta pastex biologikoak gozatzen ahalko dira. 21etan “Du grain au pain, cultivons la biodiversité” filmaren hedapena eginen da eta ondotik Marie Claire Leurgorryek Gfam Lurra presentatüko dü eta Mathieu Mendizabalek argitarzünak ekarriko dütü bere xedeaz.

Entzün Mathieu Mendizabal laborari eta ogi-egilea :

Abendüaren 6an, Jean Lassalle depütatea Maulen zen frantziatik horra den lege berri baten berri ekartera. Frantziak erreka güziak zaintü nahi dütü. Erran nahi dü, lege berri hau iragaiten bada, erreker esker sortü nahi diren enpresa berriak ezin dirate instalatzen, izan dadin eihera, mikro zentral elektrikoa edo arrain hazleak. Maulera hüillantü ziren haütetsi eta hurari esker bizi diren enpresa bürüak, arrenküratürik agertü dira lege honen aitzinean. Azpimarratü nahi izan düe, ekoizle ttipiak izanez, ondoko ürratsa izanen zenez haien enpresen zerratzea üngürümenaren zaintzearen izenean. Lege berri honen aitzinean, geroari bürüz, ezadostarzün eta arrenküra hanitx borogatü dira.

Entzün Jean Lassalle depütatea :

Azaroaren 5 eta 6an, Xiberoko Herri Alkargoaren 5. erakusgia antolatürik da. « Erakusgiatik baratzegintzala » lemarekin bi egünez eramanik da. Energia berriztagarriak, eko eraikintza, bizigia sanoa eta baratzeak ere aipagei dirate... Gei horik ororek, ber helbürüa badüe ororen bürüko : bakotxaren üngüramen herexa edo karbono hexaren apalaraztea... zeion Allande Errezarretek astearteko Bloga-bloga emankizünean. Eta zer da « üngüramen edo karbono herexa »? Sinpleki erraiteko: bakotxak düan edo alkarrekilan dügün mündü hontako baliabide natüralen erabilteko eta kozatzeko heiña da. Berotzeko eta karreatzeko erabilten dügün energia erabilteak, kontsümitze eta jateko manera desbardinek gure karbono hexa azkarraren ütürri dira. Adibidez, amerikano baten karbono herexa 9 planetakoa da (amerikano bat bezala kontsümitzen edo bizi baginte denak, 9 planeta behar güntüzke...). Frantses baten karbono herexa aldiz kasik 5 planetakoa da... Eta xiberotar baten karbono herexa ordüan ? 5 planetatik hüillan segür ere... Bena gure artean liferentzia hanitx bada: gure lanleküaren ürrüntarzünaren araberan, gure jatekoen araberan, gure etxe edo bizigiaren araberan, gure kontsümitzearen araberan. Interneten honenbeste «güne» badira, non gure karbono herexa estimatzen edo kalkülatzen ahal den. Hona hiru helbide, « Good Planet », « Bilan carbone Personnel (BCP) » eta « coachcarbone.org ».

Entzün Allande Errezarret Xiberoko Botzako Bloga-bloga emankizünean :

"Crédits Photos : Syndicat Ossau-Iraty"Ossau-Irati sormakaren sindikatak etxe gazna egiten ikasteko formakuntza bat proposatzen dü abentüaren 6,8 eta 10an Olorueko Laborantxa lizeoan Soeixen edo abentüaren 13,15, eta 17an Izurako Herriko Etxean. Eüskal Herrian ezne egile franko badütügü bena Bearnoarekin konparatüz güttiek beren eznea gaznatzen düe. Ürrats hori egin nahi düenentako eta haien lagüntzeko, plantatürik da formakuntza hau. Berantago, urte hatsarrean beste 3 egün badirateke gaznatzearen üngürüan, eznearen kalitateaz, jeisteaz eta ardi saldoren eramaiteaz, gaznatzeko kalitatezko püntü handienetaz.  Izenen emaiteko, azaroaren 26a aitzin Ossau-Irati Sormakaren bülegoala deit : 05 59 37 86 61 zenbakian.

Entzün Joanes Lerdou Ossau-Irati sormarkako animazalea :

Algar Etxeki, laborarien ordezkatze zerbütxüa segürtatzen düan alkarteak, bere biltzar nausia egin dü iragan astean Gameren. 260 laborari elkartean partaide dira. Iragan sasuan, ordezkatürik izan den oren zionea, 432koa izan da, aitzinekoan aldiz, 1902koa zelarik. Orotarat, 252 oren ordarikatze izan dira istripüen gatik, 145 eritazünen gatik eta 36 oren bilküra edo formakuntzen gatik. 2010ko apirila lehenaz geroztik, MSAk bere lagüntzaren heina doi bat goratü dü ere, 10, 48€ tik, 10,63€ tara igaraitez. Ohar horietaz kanpo, biltzar nausian agertü dena, departamentüan bi ordezkaritza zerbütxü sistema badira, bat bestea beno merkeago. Heltü bada, Algar etxeki ordezkari zerbütxüz kanbiatüko da eta deliberoaren hartzeko, ez ohizko biltzar nausi bat eginen dü azaroa hontan.

Entzün Christine Etchebest Algar Etchebest Algar Etxeki alkarteko kidea :