XÜXENEAN ENTZÜN

Laborantxa - Üngüramena

Urdiñarbeko ardi zentroa, artzain laborariak hobeki bizi diten.

Artzain Laborarien süstatzeko nahiküntea beretsirik izan da, asteazken goizan egin zen Urdiñarbeko ardi zentroaren biltzar nausian. Ardi arrazen genetika hobetzez, ardi zentroak hanitx ekarri dü artzaingoari azken urte horietan. Bena biltzar nausian plazaratürik izan den ikerketa batek erakutsi dü, lürralde desberdinak eta ardi hazkuntza molde güziak konpartüz, departamentü hontako ardi hazkuntza zela artzain laborariari etekin güttien emaiten züana, bereziki ardi elikadüraren kargüak haundiak beitira. Ardi zentroko tekinikalariek uste düe, ardien ahalmena gentetikoa hobeki baliatzen ahal dela elikadüraren kargüen ttipitzeko. Hortarako ardi zentroak, artzain laborariak kümitatzen dütü, eskaintzen düan teknika aholkü zerbütxüaren haboroxe baliatzea. Désiré Loyatho :

Pettiri Caubet Xübüko Arhantarra ohoratürik izan da Altzain.

Artista libre eta sorzailea, hona nolako hitzekin aipatzen den orain Pettiri Caubet Xübüko Arhantarra. Hortaz jabetü da astebürüan Altzairat agertü püblikoa. Alta bizi zeno, nihor ez da gano hortaz ohartü. Pettiri Caubet laborari xüme bat baizik ez zen, bere alde bizi zena. Berantian da honen talentüa ezagütü. Eüskal Herriko gaita joileak dira lehenik hartaz interresatü, kantari izanez beste, Txanbela deitzen den tresnaren azken joiletarik beitzen. Operako karrierra bat ere agian egin ahalko züan, Atarratzera jin zen batean , Charlie Chaplinek, Pariseko Operan sartzeko kümita egin beitzeion, bena Pettiri Caubetek, lüzatürik izan zeion esküa ez züan hartü, arauz, kantoreak dion bezala, nahiago beitzen egon boneta kaskoan bere sor lekü maite Eüskal Herrikoan, nehork ere jakin gabe zer züan gogoan, ahaide zonbaiten hontzen sütondo xokoan…. Erreportaia :

Etxebarreko Hoilly etxaltea ezagütü

Etxebarreko Hoilly etxaltea eüskal alkargoaren Trebatu sailan sartü behar bazen, azkenean alokaidetiar gisa instalatzen ari dira Dolores Levilain eta Pascal Leonardi bikotea. Etxearen arraberritze lanak ez badira orano hasirik ere xedea abiatürik da. 100bat ardi dütüe, ziklo natüralean, esküz jeistez eta bortülat eramaitez eta han gaznatzez. Bestalde urde iletsüak ere badütüe. Hazkuntza ahal bezain bürüjabe bat nahi düe, permakültürraren filosofia jarraikitzez. Azkenik, etxaltearekin pedagogia edo transmititze lana egin gei düe. Dolores Levilain eta Pascal Leonardi:

Hartza ez da onki jin Basabürüan.

“Hartzaren presentziari lotürik, kabalen zaintzeko lagüntzak ez dütügü honartüko”, aho batez mintzatü dira, iragan ostiralean Ligin bildü ziren Xiberoko Basabürüko hazleen alkarteko kideak. Oritarazi behar da berriki Larraine eta Santa Grazi hartzaren eremüaren lehen mailan sailkatürik izan zirela, bigarren mailan aldiz Xiberoko beste bost herri eta Baxenabarreko beste bi sailkatürik zirelarik. Geroztik iragan martxoaren 19an, Eric Spitz prefeta berriak, hartzaren sarraraztearen errexteko neurriak zehazten dütüan txosten bat plazaratü dü. Hazleen araberan, neurri horiek eta bereziki sos lagüntzak ez dira honartü behar, alde batetik neurri horiek ez beitüe bermatzen hartzak ez dütüala kabaleak atakatüko eta bestetik, lagüntzak honartüz geroz, hartz planan pentsatürik diren beste hameka hartzen sarrarazteen honartzeko behartürik izan direla. Mobilizatürik egoiteko deia zabaltü düe biltzarrean, eta ez düe düdarik, bortüka laster hasiko beita, batürik egon behar direla, hartzaren lehen atakaren bezperran. 2018/2028 Hartz Planaren baitan orotara hiru hartz arra eta hamar emeen sarraraztea finkatürik da. Accoceberri :

laborantxa lizeoaren biltzar nausia

Xiberoko laborantxa lizeoak bere ibildea jarraikitzen dü, 334 ikasle eta 55 langileekin ; 4 filiera eta egoitza berriekin , baldintza honak dütüela lanean aritzeko, erranik izan da biltzar nausian ! 4 gerrenetik goiti gazteak errezebitzen dira eta 4 baxo profezional prestatzen da lizeoan, laborantxa, zozial, kabale xehe eta txakürrekin lan egiteko. Ikasle haboroxenak akitania osotik jiten dira eta hortakoz barnategia altxatürik izan da Berrogainen, hots 20 urtez 3 miliu euroko inbeztizamentüa eginik izan da Berrogainen. Lizeoren xedea da kabale sailaren joanarrazteko bastimentü baten eraikitzea, 500 000 euro koste behar lükie lanek . Arrenküra bat agertü da haleik ere, ministeritzaren politika, erakasle postüen ttipitzea. Julien Berçaits lizeoaren lehendakaria


Christophe Gaget lizeoaren züzendaria

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan