Berriak

Ikastolen garapena eztabadak sorazten dütü orano 2012an Xiberoa Herri alkargoan ! Alozeko ikastolaren handitze xedea bere gain hartzeko, galtoa mahainaren gainen züen Herri Alkargoan setemereko biltzarrean. Herrietako ordezkariek, Herri Alkargoari estüdio baten egiteko baimena bozkatü behar züen. Gei arrunta üdüritzen bazen ere, hogei minütako eztabada izan da deliberoa hartü aitzin. Erran behar da, üsean edo zoin aipagei izanik ere, ordezkarien kasik galtorik gabe hartzen direla deliberoak. Azkenean, Basabürüko handitze xedeaz estudio baten egitearen alde bozkatü düe denek, Mitikileko ordezkariaren abstenzioa ezezik. Ikasurte hatsarre hontan 29 ikasle dira Alozeko ikastolan eta dagün sartzean 42 ikasleetara iraganen dira.
Entzün Jean-Pelle Iriart Alozeko aüzapeza eta Xiberoa Herri Alkargoako haütetsia :
Eskolak, ikasleen garaioa, eta bideak, sail horietan lan franko eginen züala hitzeman zeikün Arnaud Villeneuve Atharratzeko kantonamentüko kontseilü orokorrak ! Iragan haüteskundeetan haütatürik izanez geroztik, eraman düan lanaren bildüma aipatzen deikü. Bestalde, bere ikusmoldea eman deikü, Eüskal-Herriko Institüzione bereziaren üngürüko eztabadaz. Erran deikünaren araberan, haütetsien artean adostü den mozionean, baso erdi hütsik erdi bete bezala dela. Berak deionaz, lehen bezala egon behar dela edo hürrünago joan behar dela gehitü deikü. Azkenik, damügarri atzamaiten dü eztabada hori Herri Alkargoetara ez ekartea gatik.
Entzün Arnaud Villeneuve Atharratzeko kantonamentüko kontseilü orokorra :
Dagün 2014ko herrietako bozketan izanen den Herritarren Kolektiboa presentatürik izan da Maulen "Liberté" aldizkariaren bestaren kari. Eskerrekoa eta hanitxa, esküina Herriko Etxetik kanpo ezarri nahi dütüen herritar güziak nahi dütü bildü kolektiboak zerrenda baten osatzeko. Alderdien arteko hitzarmenik ez dela eginen jakinarazirik izan da, hots, sozialista, komünista, ekologista edo beste, nor nahi sartzen ahalko da kolektiboan. Hebentik aitzina, biltzar püblikoak eginen dira xede baten sortzeko eta urte baten bürüan eramanen den lanaren emaitza erakatsiko düe builtazaleek.
Entzün Louis Labadot Komünista alderdikoak :
Gazteriaren politika finkatzeko galtozketa handi bat abiarazi dü Departamentüko Kontseilü Orokorrak. Institüzioneak, alkarteak ala gazteria kümit dira gogoetan parte hartzeko. Hebentik aitzina, egitasmüa hiru ürratsetan aitzinatüko da. Setemerearen 28an Donapaleün, ürrietaren 5ean Hiriburun eta 12an Mourenx-en « Gazteria eta Lürraldea » tailerak eginen beitira. Gazteriari so, lan egiten düen aktürek kümit izanen dira konferentzia eta mahain üngürü ezbardinetan parte hartzera. Bestalde, azaroaren 7 eta 8an "Gazteriaren Egünaldiak" Pauen iraganen dira. Gazteek hitza hartzen ahalko dükee eta herrixka bat zabaltüko, non ere beren iniziatibak erakusten ahalko dütüe. Azkenik, erabakien hitzarmena zabaltüko da dagün urte hatsarrean. Hortik aitzina, gazteriaren politikako norabide nausiak finkatüko dira, xede orokor baten sortzeko departamentüan.
Entzün Arnaud Villeneuve Departamentüko Kontseilü Orokorreko Gazteriaren azizeko ardüradüna :
Bil ta Garbi sindikatak, Mendixka ondarkintegi berriko lürretan hasi behar zütüan obrak trabatürik izan dira. Pala karreatzen züan kamiua ezin ahal izan da igaran, 50 bat jentek, herritarrek eta Terre Verte alkartekoek bidea trabatzen beitzüen. Ondorioz, üztailaren 17ean hüxerra eta jendarmen bijita üken düe. Bestalde, jakin dügü Dominika Bosq Bil ta Garbi sindikateko lehendakari ordarien ganik, 2 plentak pausatzen dütüala Sindikatak, bata herriko bidea trabatzea gatik, Bil ta Garbiren gain beita bidearen erabilpena eta bigerrena, Bil Ta Garbiren lürretan egiten beitira trabatze horiek. Bestalde, Terre Verte alkarteko kideek jakinarazten düe ez direla prest igitzeko.
Entzün Jean-Bernard Serbielle Terre Verte alkarteko kidea :
