XÜXENEAN ENTZÜN

Hezkuntza

Xiberoko Gaü eskolak plantatzen düan üdako barnetegia, 2012ko agorrilako lehen astean iraganen da Mendikotan. Urteko kursoer gehitze bat ekarten dü honek, goizetik arratseala aste batez, eüskaraz mintzatzeko parada emanik beitzaie ikasleer. Goizez, kurso arruntak dira hartzen, arrestiri eta gaüan aldiz, talierrak zaitze proposatürik, helbürüa delarik mintzajearen erabiltea ikus püntü teorikotik harat. Aste bateko prezioa 250€ lan gabezian direnentzat eta 295€ lana dütenentzat gei 22€ Gaü Eskolen kartarentzat. Hatik, erran behar da Xiberotarrek, Xiberoa Herri Alkargoak ekarten düan lagüntza baliatzen ahal dükeela. Lagüntza honek kosta erdiaz pürü, apalarazten deio ikasleari. Izen emaiteak üztailaren 13a gabe 05. 59.19.18.44an.

Entzün Jef Goihenexpe Xiberoko Gaü eskolako erakaslea :

Ikas Xiberoa zentro pedagogikoak urte ondarreko eskolen besta antolatzen dü. Arramaiatzaren 8ean Gotaine-Irabarneko herrian iraganen da. Lehen mailako ehün bat haur bildüko dira, Ikastola eta klase elebidünekoak. Gotaine-Irabarne herriaren ezagütza eginen düe joküen bidez. Herrien gainti paseatüko dira eta herritaren ganat joanen dira galto egitera. Eskolatik kanpo eüskaraz mintzatzeko holako egünaldiaren antolatzea beharrezkoa da. Beraz, Ikas Xiberoaren bestako hitzordüa emanik da arramaiatzaren 8ko goizanko 9.30tan Gotaine eta Irabarneko plazan.

Entzün Maddi Etxekopar Ikas Xiberoako animazalea : 

Laborantsa, soziala ala komerzioa, hiru sailetan eskentzen dütü formakuntza Berrogaineko-Larüntzeko Laborantsa lizeoak. Lizeoa eta hiru sail horien ezagützeko, borta zabalak egiten dira LARPS ikasetxean martxoaren 24an neskenegünarekin. Laborantsa, kabale salmenta eta jenteer zerbütxüa sailetan baxoak prestatzen ahal dira kolegiotik landa. Lehenago ere sar daiteke 4.tik landa, kolegio mailako azken bi urteen egiteko, gero hiru sailen artean formakuntza eta ikasketaren jarraikitzeko. Ate zabaletan, erakasle eta ikasleak hor dirate ait'ama eta ikasleen galto güzier erantzüteko.

Entzün Christophe Gaget LARPS ikasetxeko züzendaria :

Apirilaren 28ean Sohütan, Eperra ikastolaren azken lanak estrenatü dira. Ikastola berri düala 15 urte eraikirik izan zen 80 bat haurren eskolatzeko. Geroztik, urtez urte haurzionea goratüz joan da, egüko egünean 112tara heltzeko. Düala urte bat hasi ziren azken handitze lanak, 140 haurren errezibitzeko gisan. Geroa egün danik prestatzen beita, gogoeta abiatü da, hirugerren bat ikastola zabaltü behar denez Xiberoan. Sohütako ikastolaren azken lanen estrenatzeaz baliatü gira, Paxkal Indo Seaska Ikastolen federazioneko lehendakariaren ikusmoldearen ükeiteko. Haren araberan, eskentzak galtoa builtarazten düala eta eüskararen salbatzeko, eskola püblikoek eüskararen erakasteko murgiltze sisteman ez badira sartzen, orai artino bezala Ikastolek bermatü behar düe eüskararen geroa.

Entzün Jojo Malharrin Eperra ikastolako bürüa : 


Entzün Paxkal Indo Seaskako lehendakaria estrenatze egünean : 

« Ikastola Bai » izen emaite kanpaina abiatzen da martxoaren 11an Aloze eta Sohütako ikastoleetan, Borta zabalak eginen beitira. Beren haurrer eüskarazko erakaskuntza eskentü nahi düenentako, aitetama berriak kümit dira egoitzen bijitatzera, erakasleekin mintzatzera jakiteko nolako erakaskuntza eskentzen den ikastoleetan eta ikusteko zer baldintzetan eskolatürik diren haurrak. Honen kari, Ikastolako ardüradünek eskolaren ibilmoldea jakinaraziko düe. Martxoaren 10ean Aloze eta Sohütako ikastoletan Borta Zabalak dirate goizanko 10tarik egüerditara.

Entzün Jojo Malharin Ikastolako lehendakaria :