XÜXENEAN ENTZÜN

Hezkuntza

Hats berri bat Maule-Gaineko eskolarentako. Eskolako arraberritze lanek hiruzpalau urte iraünen düe eta üdan iraganen dira ikasleak ez trabatzeko gisan. Lanen lehen partea, 2011ko üztailan hasiko dira. Barneak oro berritüko dira eta sartze güziak moldatüko dütüe herbaltüak sar ahal ditian trabarik gabe. Lanen lehen parteak 100 000€ kosteko dü. Lanak aipatzen dütügüno, Mauleko Jai-Alaian ere arraberritze lanak eginen dira aurten. Aldagelak kanbiatüko dütüe, argitarzüna hobetüko düe eta sartzetan aterbe bat gehitüko düe, besteak beste.

Entzün Arnaud Laphitz Mauleko zinegotsiko lanen ardüradüna :

Bista-Eder eskola bixkor zela Bista alatü deiküe. Barantailaren 11an egin den LARPSen biltzar nausian, 2009 eta 2010 ikasturteko balorazioa baikorra zela erranik izan da. Ikaslen zenbakia ez da kanbiatü, azterketen emaitzen aldetik apaltze ttipi bat izan da, bena frantziako bataz bestea beno hobeak dira % 86.62a lortü beitüe. Berrogaiñe-Lahüntzeko barnategi berria baliatürik da eta Mendikotan baliatzen züen eraikuntzaren nausi dira. Bista-Ederreko Bac pro lehen urteko ikasleak orai artino Irlanda eta Nafarroala joaiten baziren Erreinu-Batuak zerrendan gehitzen dira.

Entzün Julien Berçaits LARPS ikasetxeko lehendakaria :

Hamabost bat ikasle formatzen dü 3 gerreneko MDP6 klase teknikoak, urte oroz azken 6 urte hauetan. Bena Akademiak zerratü nahi dü klase hori dagün sartzean. Lizeoko 44 erakasle eta zerbützüetako langileek ez düe hori batere honartzen eta greban dira astearte hontan. Erakasleak eta zerbützüetako langileak Mauleko karriketan ibili dira goiz hontan, eta Herriko Etxearen aintzinean bildü. Ondotik Mixel Etxebest aüzapezak delegazione bat errezibitü dü. Thomas Lecoeur erakasleak erran deikünaz, Mixel Etxebestek bere süstengüa eman deioe eta Akitania eskualdeko Rousset lehendakariari gütün bat idatziko züala hitzeman dü. Mauleko aüzapezak gehitü dü, Xanpo lizeoko erakasleek, errektorearekin biltzeko galtatü düen hitzordüa süstengatüko düala. Hebentik aitzina beti mobilisatürik egonen direla baieztatü deikü Thomas Lecoeur erakasleak. Ikasleen eta etxenkoen inplikazioa galdeginen düe eta beste greba egünak antolatüko dütüe ondoko asteetan.

Entzün Thomas Lecoeur erakaslea :  

Urte oroz bezala, Otsail ostegünen kari lau mintzaldi antolatzen dütü Amikuzeko Zabalik alkarteak. Barantailaren 3an, “Eüskalgintzaren komünikazio estrategiez” date mintzaldia, Joseba Kamio komünikazio enpresa bürü aditüarekin. Barantailaren 10ean, “Irlanda bere bake prozesuan”, Joana Etxart ikerle gaztearekin. Barantailaren 17an, “Nola finantza mündütxoak darabilen mündüan”, Jakes Bortairu, Foro Sozialako eta Oldartzen kolektiboko kidearekin. Eta barantailaren 24ean, “Jean Etxepareren bertso-konplaintak (1873-1889) Donapaleütar bertsulari ezezagün bat…..” Patri Urkizu, irakasle eta ikerlearekin. Mintzaldiak Donapaleüko Herriko zerbütxü günean, gibeleko gelan iraganen dira gaüko 20.30etan xüxen.

Entzün Pelle Errezarret antolazale bat :

Sohütako lizeoak eta ODACE alkarteak, GRETA egitüraren lagüntzarekin español kursoak proposatzen dütüe, enpresa bürü, langile, saltzale, ofiziale eta pübliko zabalari. Azken teknologiaz tresnatürik den Sohütako lizeoko hizkuntz gelan emanen dira. Kursoak asteazken gaüez dirate 19etarik 21etara, martxoaren 2tik arramaiatzaren 29ala, orotara 30 oren. Lehen egünean erakasleak, bakotxaren maila aztertüko dü eta ondotik mailaka ikasleak ezarriko dütü. Partikülarek 8€ orena pakatüko düe  eta enpresagintzari lotürik direnek 15€. Lehen esprabüa beita, aldi hontako español kursoetan mügatü dira. Ondotik, ontsa iragaiten bada ingles eta eüskarazko kursoak ere zabaltüko dütüe. Izenak urtailaren 31a aitzin eman behar dira ODACEko bülegoala deitzez 05.59.28.12.49 edo 06.84.70.17.08 zenbakietan.

Entzün Jean-Pierre Hitta ODACEko ardüradüna :

Ausaz

Kronika

Emankizüna

Artxiboan