Ondarearen egünak Xiberoan

Inprimatu

Ostirale arrats hontarik igante artino Ondarearen egünak ospatüko dira. Aurten Maule, Gotaine, Garindaine, Muskildi eta Ospitalepeko Herriko Etxeen parteliangoarekin, Ikerzaleak alkarteak zer nahi proposamen eskentzen deizkü Xiberoko ondarrearen hobeki ezagützeko. "Gizon Handiak, Emazteek eta Gizonek Ixtorioa eraikitzen düelarik" lema haütatürik izan da. Mintzaldien aldetik, lehena ostirale gaüan iraganen da Gotaineko elizan 20.30etan. Aurtenko lemari lotürik, Robert Elissondo eta Joël Larroque-k bideo-konferentzia bat emanen düe, Xiberoko Ixtorioa eraiki düen gizon eta emaztetaz. Bigerren mintzaldia, Denis Cassard-ek eskentüko dü, neskenegün gaüan 20.30etan Iruriko gaztelüan, Pizküntearen garaian Italiarat joan diren bidajantetaz. Bijiten aldetik, Arbide gaztelüa Gotainen, Maulen, gaztelüa, Andüraineko gaztelüa, Maule-Gaineko eliza, eta Ospitalepeko, Urdinarbeko, Iruriko, Larraineko eta Santa Graziko güne ixtorikoak bijitatzen ahalko dira. Erakusketak ere ez dira eskaz izanen. Gotainen, Jean Louis Davant-ek idatzi düan « Eüskaldünak Iraültzan » pastoralaren üngürüan "Frantses Iraültza Xiberoan" erakusketa ikusten ahalko da, Garindainen aldiz, "Behin bazen eskola Xiberoan" erakusketa «Denen Etxea» gelan. «Lehenago eskola Xiberoan» libürüaren aurkezpena ere eginen da neskenegün goizan 11tan ber günean. Egitaraua eta ordütegia ikusten ahal da « ikerzaleak.eke.org » internet günean.

Entzun Robert Elissondo Ikerzaleak alkarteko lehendakaria :