Allande Etxart. " Dolügabe bizitü niz..."
« Dolügabe bizitü niz... »
Barkoxeko pastoralean ikusi dügü nola jüdio iheslariak aterbetzen ziren bordetan eta mendien bestaldealat lagüntürik ziren. Gure aitametarik jakin dügü hamarnaka Xiberotar lan hortan ebili direla bihotzez, fedez, militantziaz edo adixkidetarzünez. Ikusi dügü ere kaskopelat bat « salatürik » zela eta Kotabarren semea ehorik. Nazi soldadoer kaskopelat bat seinalatü zeien salaterrak, bera herritarra beit zen, düdarik gabe. Pastoralean gerla ürrentzen da eta « Askatarzüna »ko azken bersetak dio:
« Gerlako herrak üztez, dabila geroa,
Bihar eraikitzeko mündü bat goxoa,
Libertateak deizkü zabaltzen besoak,
Ahatze gabe gure aitunen herroak. »
1945an gerlariak, makiakoak, preso ohiak eta hilak ohoratürik dira. Jüdioen lagüntzaleak ahatzerik dira eta salaterrak libro ützirik, herrian bizi « goxoki ».Behar bada gerlaren irabazleek salaterren behar bazüen poterean egoiteko. Mauleko eta Atarratzeko Komandaturretako paperak Paueko Artxibategian dira 60 urte hontan bena ehun urtez debekatürik da zabaltzea, hots 2045an jakiten ahal date salaterren berri. Arte hortan biktimek dolüa ez düe egiten ahal, salaterren bizia goxo izan dela jakitean, beren gatik hainbeste tortüratürik, zonbait ehorik edo zerrategietan hil direla Nola egin dolüa? Non da estatü frantziarreko jüztizia?
Xiberoko üsaintxak jarraikiz, dagün pastoral batetan aipatüko dira berriz ere salaterrak...




